APNABI Autismo Bizkaiako AENdun 10 pertsona adimen artifizialeko algoritmoen entrenamenduan lan egiten dute

APNABI Autismo Bizkaiaren arlo soziolaboraleko zentro okupazionalak lankidetza estuari ekin dio Asimob euskal start-up berritzailearekin, eta bide berri bat sustatu du AEN duten pertsonak lan-munduan sartzeko. Harremana urtarrilean hasi zen, 10 pertsonek parte hartu baitzuten beren proiektuetako batean, eta emaitza onak hilabetez hilabete sendotzen joan dira.

Zentro okupazionalean dauden pertsona horiek adimen artifizialeko algoritmoen ‘entrenamendurako’ irudien oharpenean dihardute gaur. Asimobeko zuzendari nagusia den Estibaliz Barañanok azaldu duenez, “oharpen-prozesu horrek laguntzen du ikusmen artifizialeko algoritmoek objektuak identifikatzen ‘ikas’ dezaten. Gure proiektuan trafiko-seinaleak dira. Horretarako, seinale bakoitzaren irudi askorekin elikatu behar da programa, eta seinale-mota eta irudi bakoitzaren barruan non dagoen adierazi.”

Iban Huarte APNABIko arlo soziolaboraleko arduradunak azaldu du lankidetza garrantzitsu hori urte amaieran hasi zela. “Pertsona guztiok ditugu bereizten gaituzten gaitasun berezi batzuk, AEN dutenak ere, eta enpresek, kontratazioak egitean, beti hartzen dituzte horiek kontuan, pertsonek beren beharrei erantzun dezaten. Eta oraingoan ere hala izan da: AEN duten pertsonek zeregin edo patroi errepikakorrekiko duten interesa ezin hobeto egokitu da Asimoben egungo beharrekin.”

Barañanok adierazi duenez, “irudien oharpena lan errepikakor eta neketsua da, zehaztasun eta kontzentrazio handia eskatzen du.” Horrek denbora asko kontsumitzen zuen eta “itogunea zen garapenetan aurrera egiteko”, baina APNABIko pertsonak ederki erantzuten ari dira. Asimobek azaldu duenez, urtarrilean profesionalek 12.109 irudi prozesatu zituzten eta otsailean 14.558. Gainera, Barañanok azaltzen duenez, denak dira kalitate handiko lanak, eta oso pozik daude emaitzarekin: “APNABIren lana funtsezkoa da gure katalogoa zabaltzeko, eta funtsezkoa izango da gure negozioa beste herrialde batzuetara zabaldu nahi dugun egunean, adibidez.” Gaur egun, koronabirusaren osasun-alertaren alarma-egoeran, pertsona horiek beren etxeetatik ari dira lanean.

Enpresekin elkarlanean

APNABI Autismo Bizkaia, bere arlo soziolaboralaren bitartez, hainbat esparrutako enpresekin elkarlanean ari da gaur egun, AEN duten pertsonak lan-munduan sartzen laguntzeko. Asimob horren adibide bat besterik ez da. Izan ere, erakundeak, gainera, hainbat programarekin lan egiten du —horien artean, Enplegu Lagundua nabarmentzen da—, prestakuntza eskaintzen dute eta pertsonak lanpostuetan sartzea errazten dute. Enpresentzako laguntza ere badira. Azken hamarkadan ia 100 pertsonek lortu dute, APNABIren laguntzarekin, lanpostu bat. Autismo Europaren datuen arabera, autismoaren eremuko langabezia-tasa %90 ingurukoa da.

Asimob

Enpresa sortu berria da, eta adimen artifizialean oinarritutako teknologia berriak erabiltzen ditu errepideen segurtasun arloko ikuskaritza lan batzuk automatizatzeko, hala nola trafiko-seinaleena edo galtzadan irregulartasunak identifikatzearena. Prozesu horiek oraindik ere eskuz egiten dira.

Comments are closed.