Autismoa eta enplegua

[yoast-breadcrumb]

Apnabi Lan elkartea

Kaixo! Apnabi Lan gara

20 urte daramatzagu ilusioz lanean Bizkaian, Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten pertsonen laneratzea lortzeko. Izan ere, badakigu kalitatezko enplegua izatea funtsezkoa dela independentzia izateko eta bizi-proiektuak garatzeko. Gero eta gehiago dira gure esperientziaz fidatzen diren pertsona, enpresa eta erakundeak, eta gure helburua betetzen laguntzen digutenak.

APNABI Autismo Bizkaia 70eko hamarkadaren amaieran sortu zen guraso-talde baten ekimenez, eta gu APNABI elkarteko arlo soziolaborala gara. Guraso-talde horrek erabaki zuen nahasmenari, ziurgabetasunari eta beldurrari aurre egin eta elkartea sortzea, jabetu zirelako ezinbestekoa zela bat egitea beren seme-alabentzat etorkizun hobea eraikitzeko. Guraso haien borondatea lehen garaipena izan zen AENdunen bizitza duintzeko prozesu haren hastapenetan, une hartan autismoa termino mediko bat baino ez baitzen, haurren psikiatria eskuliburuetan bakarrik agertzen zena. Argi izpi hark argitu zuen garai ilun hura, AENdun pertsonak ez baitziren irteten beren etxeetatik edo duela urte batzuetako zentro psikiatriko goibel haietatik.

Gaur egun, APNABI Autismo Bizkaia elkarte sendo eta ezagun bat da. 1.300 familia eta 250 profesional baino gehiagok osatzen dute, eta orduko espiritu berberarekin jarraitzen du, erakundeen eta beste eragile batzuen lankidetza duelarik. Zerbitzu-sare eta jarduera-programa zabala eskaintzen du, AENdun pertsonek kalitatezko erantzun integral eta indibidualizatua jaso dezaten beren bizi-ziklo osoan zehar.

APNABI LAN Autismo Bizkaia Enpleguak helburutzat du AEN bat (Autismoaren Espektroko Nahaste bat) duten pertsonen ongia komuna sustatzea, eta komunitatean sartzen laguntzea euren bizi-baldintza soziolaboralak normalizatuz, edozein dela ere euren ezgaitasun-gradua edo adina, eta betiere argi izanik euren nahiak eta asmoak errespetatu egin behar direla.

Helburu hori lortzeko, egokitzat jotzen diren JARDUERAK gauzatuko dira lege-eskakizun guztiak bete ondoren, batez ere enplegurako prestakuntza eta sustapenera bideratutakoak. Hona hemen jarduera horietako batzuk adibide gisa (zerrenda hau orientatzailea da, inola ere ez mugatzailea):

  • Erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatzea, eurei eta euren familiei batez ere laneratzearen inguruko aholkularitza emanez.
  • Orientazioa ematea enplegu arrunta nahiz zentro okupazionaletako edo enplegu-zentro berezietako enplegua eskuratzeko, prestakuntza ikastaroen bitartez.
  • Autoenpleguari eta ekintzailetzari buruzko orientazioa ematea, prestakuntza ikastaroen bitartez.
  • Ezgaitasuna duten pertsonen enpleguari buruzko informazio espezifikoa bildu eta zabaltzea.
  • Orientazioa ematea lehen aipatutako jarduerentzako dirulaguntza publiko eta pribatuak bilatzeko.

Elkarteak ez du irabazi-asmorik, eta izaera sozialekoa da, Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei eta Euren Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzazko Errege Dekretuaren 43.4 artikuluaren ondorioetarako. Zentzu horretan, derrigorrezkoa da elkartearen irabaziak osoki berrinbertitzea ezgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-aukerak sortzeko eta euren lehiakortasuna eta ekonomia sozialeko jarduera etengabe hobetzeko. Nolanahi ere, posible izango da irabazi horiek berrinbertitzea elkartearen enplegu-zentro berezian edo gizarte ekimeneko beste enplegu-zentro berezi batzuetan.

Zein antolakundetako kide garen
Esperientziak eta gogoetak kontrastatzen dituzten hainbat forotako kide gara, eta helburutzat dugu ezgaitasunaren eta enpleguaren esparruko ezagutzak partekatzea. Besteak beste, APNABI LAN Autismo Bizkaia Enplegua antolakunde hauetako kide da:

  • EHLABE (desgaitasunak dituzten pertsonen gizarte- eta lan-txertatzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeen euskal elkartea) www.ehlabe.eus
  • AESE (Laguntzadun Enpleguaren Espainiako Elkartea) www.empleoconapoyo.org
  • Bestalde, APNABI Autismo Bizkaia elkartea ordezkatzen dugu enpleguari eta AENei buruzko foro eta erakunde guztietan: FEVAS, Autismo España, Plena Inclusión, Autismo Europa.

Gehiago jakin nahi duzu gure elkarteaz?

© 2021 APNABI LAN. Basurtuko Geltokiko Kalea, 1. 48002 Bilbo. Telf: 944 754 417

LEGE OHARRAPRIBATUTASUN POLITIKA

Comments are closed.